«Trantsizio energetiko faltsuari ez!» hitzaldi bira

Ordezkari politikoek diotenaren arabera urtea amaieran onartuko omen da energia berriztagarrien lurralde plan sektoriala (LPS). Ez dator bakarrik ordea, administrazio jarduera ekonomiko jasangarrirako sinplifikatzeko eta arintzeko presako neurrien lege proposamena (jarduera sinplifikatzeko legea aurrerantzean) ere data berdinetan onartzea espero da.

Honek argi erakusten digu Eusko Jaurlaritzako alderdien asmoak norabide berdinean jarraitzen dutela, eta nola ez, oposizio sozialari aurre egiteko mekanismo legal berriak jarri nahi dituztela martxan. Lurraren defentsan orain arte eman den borrokaren eraginkortasuna erakusten du honek.

LPS ari buruz asko hitz egin dugu jada, baina jarduera sinplifikatzeko legearen proposamena berria da oraindik. Joan den ekainean aurkeztu zuten proposamen hau Eusko Legebiltzarrean, eta honen konkrezioa zehazteko dago oraindik, baina ala ere izenburuak argi dioen moduan “jasangarri” gisa sailkatzen diren jarduera ekonomikoen prozedura bizkortzea du helburu. Argi izan behar dugu lege honek enpresa pribatuak EAEra erakartzea duela helburu, horretarako ahalik eta erraztasun administratibo eta ekonomiko gehien jarriz.

Egun Espainiar eta Frantziar estatuan ematen ari diren borrokek agerian uzten dute instituzioen legitimitate falta zenbaterainokoa den. Norabide horretan EH Bizirikek lurraren defentsaren ikuspegitik gure alea jarri nahi dugu, modu honetan agerian utziz etxebizitza, hezkuntza edota lurraren antolamenduari dagokionez instituzioek ez dituztela inolaz ere herritarron interesak defendatzen. Kontrara, enpresen irabazi ekonomikoa lehenesten dute herritar xumeak miseriara kondenatuz.

Egungo testuinguruari gure ekarpena egiteko antolatu dugu hitzaldi ziklo hau. Honen helburu nagusiak EAEko instituzioetako alderdi politikoak ingurugiroaren suntsiketan duen paper aktiboa salatu eta etengabean lanean ari den manipulazio mediatikoari aurre egitea dira.

Elementu hauetan sakontzeko, egun diskurtsiboki defendatzen duten trantsizio energetikoaren fartsa salatzeaz gain, onartu nahi diren LPSa eta jarduera sinplifikatzeko lege berriak izango dituzten ondorioak izango ditugu hizpide.

Beraz, orain hasi eta abendura bitartea izango diren hitzaldietara etortzeko gonbidapena luzatu nahi dizuegu. Orain arte moduan indarrak batuz soilik lortuko baitugu aurrera eraman nahi duten basakeria hau gelditzea.