Imanol Amundarain eta Gorka Laurnagari erantzuna

Azken asteetan aldizkari honetan bertan izan diren bi artikuluri jarraika gatoz gaurkoan, batetik AEBtako energia berriztagarrien sektorean lan egin eta bertan bizi den kideak idatzirikoa (Imanol Amundarain) eta bestetik aspaldian ezkerreko alderdi progresisten tesiak defendatu eta “berriztagarrien” aurkako mobilizazioak gutxiestera datorren kideak idatzitako artikuluari (Gorka Laurnaga).

Zaila egiten da gaur gaurkoz oraindik Laurnagaren idatzian aipatzen den trantsizio energetikoaren gaineko kontsentsu horren espresio praktikoak aurkitzea.  Mendebaldeko potentzia ekonomiko nagusien gainbeherak berarekin dakartzan bi fenomeno aztertuz, agerian gelditzen da balizko kontsentsu horren izaera diskurtsiboa: Aurrera eramaten ari diren gerraren aldeko politikak, berrarmatzea bera kasu, eta egungo ataka ekologiko larri honetatik ateratzeko instituzioek erakutsi duten ezintasuna.

Bi elementu hauek agerian uzten dute instituziotan larrialdi klimatikoaren auzia abordatzeko utzikeria eta ezintasuna daudela  eta argi esan beharra dago gerrarako prestatzea bada gaur egungo botere-estrukturen apustua, horrek bere espresio guztietan egungo larrialdi ekologikoan sakontzen jarraitzea esan nahi duela. Ez da posible auzi klimatikoari aterabide bat eman nahi izatea gerraren aldeko apustu argia egiten ari den bitartean, hori hitzontzikeria baino ez da.

Larrialdi ekologikoaren aferari erreparatzen badiogu, argi izan behar dugu auzi hau ez dela berria, 1970. urtean jada zientzialariak hasiak baitziren hazkunde ekonomikoaren norabidean jarraitzeak izan zitzakeen ondorioez ohartarazten. Azken urteetan ordea, bat bateko urgentzia klimatikoa argudio moduan erabiliz, herritarroi makro mailako berriztagarriak inposatu nahian ari dira. Diskurtsotik haratago ordea ezintasun horren erakusle dira esaterako 2025ean mundu mailan 9 muga biofisikotatik 6 gainditzetik 7 gainditzera pasatu izana edota OMMren (Organismo Mundial de Meteorologia) arabera 1960an 0,8ppm (partes por millon gazteleraz) CO2 isurtzetik, 2011-2012 urtean atmosferara 2,4ppm CO2 isurtzera igarotzea eta 2023-2024an 3,5ppm CO2 isurtzera pasatu izana. Bilakaera oso kezkagarria zalantzarik gabe.

Makro mailako berriztagarrien zabalpen masiboa aurrera eramatea xede dutenak sarri erabiltzen duten beste argudio bat ere aurkitu dezakegu idatzian, jatorri berriztagarriko energia iturriek hidrokarburoenak ordezkatzeko duten gaitasuna. Baina azter dezagun zer den diskurtsoa eta zer errealitatean gertatzen ari dena.

Egun mendebaldeko herrialde indartsuenak zailtasun ekonomiko handiak pairatzen ari dira, AEBak esaterako bere zorra izugarri handitu dute oso denbora gutxian, 37 billoiko zorra du (PIB % 123) momentu honetan eta 5 hilabetero billoi bat hazi da bere zorra azken hamarkadan. Europa berriz hazkunde ekonomiko oso ahula erakusten ari da bere potentzia ekonomiko handienetan, Alemaniak esaterako 2025an %0,3ko hazkundearekin amaitzea aurreikusten du.

Gauzak honela, AEBak eta Txinak gidatutako aurrekaririk gabeko IAren garapen izugarria bat bizitzen ari gara. IAren garapenak behar material eta energetiko batzuk dakartza berekin, horietako bi dira esanguratsuak analisi honetarako, datu zentroak eta hauek berarekin dakarten elektrizitate kontsumo handia (ezin da ahaztu ur kontsumo handia dutela).  Hazkunde ekonomikoaren terminoetan hitz egiten badugu, AEBtako hazkunde ekonomikoaren %92a datu zentroen garapenari dagokio, honek agerian uzten du teknologia honen garrantzia zenbaterainokoa den. Gurean jada datu zentro erraldoiak ezartzeko proiektuak mahai gaineratu dira, Merlin eta Iberdrolak aurrera eraman nahi dutena 300MW, Solariak 200MW eta Nostrum 30MWkoa esaterako. Honek agerian uzten du elektrizitate behar handia aurreikusten dela datu zentro hauek hornitzeko; konparaketa gisa Arabako elektrizitateko kontsumo  guztiaren ia bikoitza izango lukete 3 datu zentro hauek. Makro mailako “berriztagarriak” enpresa pribatuen interesak bermatzera datoz (datu zentroak adibide garrantzitsu bat dira baina ez bakarra) hori bai diskurtso berdez jantzirik. Argi izan behar dugu inposaketa honek  ez duela zerikusirik trantsizio energetikoarekin, ez auzi klimatikoarekin eta are gutxiago larrialdi ekologikoarekin.

Bestalde, ezin dugu aipatu gabe utzi, beste behin (Mikel Oterori erantzuna idatzian ere azaldu genuen) EAE eta Nafarroako datuak bereizita aurkeztea oso interesatua dela. Biak batera kontuan hartuz gero, instalatuta dagoen berriztagarri kopuruarekin Europako bataz bestetik oso gertu bait gaude. %44,57 da hego euskal herrikoa eta %44,7ko europakoa. Hau hobeto azalduta dago artikulu honetan (Mikel Oterori erantzuna Lotura).

Amaitzeko eta Imanol Amundarainen idatziari aipamena eginez, alternatibak aurkeztearen beharraz pare bat kontu esatea oso garrantzitsua deritzogu. Momentu honetan ez dago egungo larrialdi ekologikoari aurre egiteko gai dela erakusten ari den proposamenik mahai gainean, kontrara larrialdi ekologikoan sakontzen jarraitzen dugu eta geroz eta abiadura handiagoan gainera. Norabide honetan guk argi dugu egungo eredu ekonomikoaren gaindipena ematea ezinbestekoa dela, hau da, irabazi ekonomikoen logikaren arabera gizartea bera antolatzeari uzten ez diogun bitartean ez dugula inolaz ere egungo larrialdi ekologikotik ateratzea lortuko. Beraz horren keztatuta bazaude, utzi AEBtako enpresa pribatuen interesak defendatzeari eta hasi lurraren defentsa dihardugunoi begirune gehiagorekin hitz egiten, gu baikara enpresa eta instituzioen interesei aurre egin eta gure burua lehen lerroan jartzen ari garenak ataka larri honetan.

Lurraren denfentsan, Euskal Herria Bizirik!