Itzalaldia eta berriztagarriak
- EH Bizirik
- May 14
- 2 min read
Updated: May 14
Apirilaren 28ko itzalaldiaren inguruan ez dago bertsio ofizialik oraindik, baina dagoeneko makina bat adituk eman dituzte gertatutakoa ulertu ahal izateko gako garrantzitsuenak. Egungo sare elektrikoa ez dago energia fotovoltaiko eta eolikoarentzat diseinatua, hauen energia sorkuntza modu intermitentean ematen baita. Sare elektrikoa zentral nuklear, zentral hidroelektriko, zentral termiko eta ziklo konbinatuko zentralentzat dago prestatua.
Sare elektrikoa elektrizitatez hornitzen duten teknologia aldatzeak orain arte sareak izan duen funtzionamendua aldatu beharra dakar berekin eta horrek, nola ez, inbertsio ekonomiko handiagoa eskatzen du. Argi ikusi den moduan, ematen ari den berriztagarrien zabalpen masibo honetan enpresa pribatuei ez zaie exijitu sarea egonkortzeko behar den teknologian inbertsioak egitea.
Horrek agerian uzten du Euskal Herria Biziriketik “berriztagarrien” zabalpen masiboa salatzeko orduan egiten dugun kritika garrantzitsu bat. Instituzioetatik bideratzen ari den berriztagarrien zabalpenak enpresa pribatuen irabazia du helburu eta, ondorioz, enpresa pribatuei ez zaie benetan beharrezko den inbertsio ekonomikoa egitea exijitzen.
Red Eléctrica Españolak (REE) ongi ezagutzen ditu sare elektrikoak dituen aipatutako gabeziak, baina, hala eta guztiz ere, sarearen segurtasuna mugaraino eramaten du irabazi ekonomikoak eskuratzeko helburuarekin. Estatu espainiarra da REEko akziodun nagusia eta ongi ezagutzen du zein den bere egiteko modua, beraz, argi dago nor den gertakariaren arduradun politikoa. Horrek agerian uzten du estatu kapitalistak duen funtzionatzeko modua, nabarmena da, beste behin enpresen irabazia bermatzea duela xede. Hori da bere izatearen arrazoia.
Egoera honen aurrean jada entzun ditugu alderdietako zenbait ordezkari inbertsio publikoaren inguruan hitz egiten, baina azter dezagun zein den egungo egoera:
Gaur egun Espainiako Estatuko zorpetze maila oso altua da, bere BPGren %101,8 zehazki.
Espainiako Estatuak gaur egun jada arazo estruktural larriak ditu oinarrizko beharrak asetzera begira, osasungintza da honen adibide garbiena.
Europa gerrarako prestatzen ari da eta Espainiako Estatua esfortzu ekonomiko handia egiten ari da norabide horretan.
Beraz, agerikoa da espainiar administrazio publikoak behar adinako inbertsioak egiteko zailtasun nabarmenak dituela. Baina ezin dugu ahaztu, esanguratsuak diren inbertsioak egiten dituen bakoitzean, helburuetako bat korporazio gutxi batzuen irabazi ekonomikoa izango dela.
Hala ere, testuinguru honetan, egungo “berriztagarrien” zabalpen masiboaren estrategia zalantzan jartzetik urrun, aurreko asteetan alderdi ezberdinetako ordezkariak horren urgentzia azpimarratzen entzun genituen, gure lehendakaria, kasu. Pradalesek itzalaldia sare elektrikoa indartzeko beharra azpimarratzeko aprobetxatu du, horrela lortu nahi baitu Bizkaia eta Araban aurrera begira elektrizitate behar handia izango duten datu zentroen eta hidrogeno berdearen proiektuak aurrera eramateko azpiegitura eraikitzea. Garrantzitsua da azpimarratzea proiektu hauekin inposatu nahi dizkiguten makro mailako berriztagarriekin ekoitziko litzatekeen elektrizitatearen oso zati handia bertan kontsumituko litzatekeela.
Euskal Herria Biziriketik argi dugu “berriztagarrien” eta “deskarbonizazioaren” izenean aurrera eraman nahi diren planteamenduek ez dutela herritarron beharrarekin zer ikusirik, enpresa pribatuen irabaziekin baizik. Inbertsio publiko handien planteamendua gaitzesten dugu, hauek, beste behin, diru publikoa esku pribatuetara bideratu besterik ez dute egiten eta. Eraginkortasunean, energia aurrezpenean eta murrizketan jarri behar da indarra, inbertsioak erdi eta behe mailako elektrizitate sarea indartzera bideratuz. Sare hauek eskala txikiko berriztagarriekin elikatuta egon daitezke, modu honetan deszentralizazioa eta subiranotasun energetikoa izateko baldintzak sortuz maila lokalean.
Itzalaldi horretako arazoak ez dira konponduko diru publikoa berriztagarrien burbuilan inbertituz, ezta printzipio berdinekin funtzionatuko lukeen enpresa publiko bat sortuz ere. Elektrizitatea oinarrizko beharra da eta modu demokratiko eta ekologikoan kudeatu behar da, pertsonen mesedetan.
Planteatzen duten zentzugabekeria honen aurrean, datorren maiatzaren 16tik 18ra bitartean burutuko dugun kanpaldian parte hartzeko deia luzatzen dugu. Suntsitu nahi dituzten eremuak defendatzeko gai garela erakutsiko dugu!