Martxoak 22ko manifestazioko irakurketa
- EH Bizirik
- Mar 22
- 2 min read
Updated: Apr 26
Horrela bai!! Horrela kaleak hartuz lortuko dugu politikari eta enpresariek elkarren eskutik inposatu nahi dizkiguten proiektu guztiak geldiaraztea. Argi izan behar dugu, hau da bidea!!
Lehenik eta behin, Galizian ataka berdinean dauden kideak aipatu nahi ditugu. Altri paper ekoizle handiaren mehatxua indar handia hartzen ari baita egun hauetan. Gure elkartasun eta indarra helarazi nahi diegu hemendik.
Galizian, gurean eta beste leku gehienetan, gutxi batzuen interesak defendatzera datozen politikak, gure baso, zelai, mendi eta nekazal lurrak suntsitzera datoz beste behin. Denbora luzez aurrera eramaten ari den praktika hau ondorio larriak eragiten ari da mundu osoan zehar eta gurea ez da salbuespena. Abiadura handiko trena, errepideak, industrialdeak, zabortegiak, turistifikazioa eta abar luze bati, orain eraikitzen hasi nahi duten proiektuak gehitu behar dizkiogu; makro mailako sasiberriztagarriak, datu zentroak, meategiak, tentsio altuko lineak eta hidrogeno hobiak bezalako zerrenda luze bat... Honen ondorioak argiak dira, inoiz bizi izan dugun krisi ekologiko eta sozialik larriena bizitzen ari gara.
Gure historian lehen aldiz, lur planetaren lurrazalean dauden bizidun guztiak baino pisu handiagoa du gure zibilizazioak eraikitakoak. Hau eragiten ari den ondorio ekologikoez gain ordea, garrantzitsua da azpimarratzea honek ez duela ekarri berekin ongi izate sozial orokortu bat. Kontrara mundu mailako ezberdintasun sozialak inoizko handienak dira, esku gutxi batzuetan metatzen baita gizateriak bere osotasunean ekoitzi duen aberastasunaren zati oso handi bat. Bi arazoek, ekologiko eta sozialak jatorri bera dute, gaur egungo eredu ekonomikoa, hau da, kapitalismoa.
Eredu ekonomiko hau betikotzera bidean, elkarren eskutik doaz enpresa eta instituzioak eta hau oso argi ikusten ari gara gure eguneroko jardunean. Eusko jaurlaritzaren “Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala” da horren adibiderik argiena eta gaur gaurkoz ez dago inolako zalantzarik, enpresen neurrira eginiko lurralde antolamendua dugu hau. Lurraldea antolatzeko modu honek EAE guztia proiektuz betetzeaz gain, udaletxeak proiektu hauei aurre egiteko inongo eskumenik gabe uzten ditu, modu honetan herritarren eragiteko gaitasuna ahal duten guztia mugatuz. Lurralde antolamendu honekiko alderdi politiko nagusiek duten kontsentsua agerian gelditu zen Arantxa Tapia eta Mikel Oteroren besarkadarekin.
Baina lurraldea enpresen irabazien arabera antolatzeko modu hau ez da berria eta are gutxiago esklusiboa. Nafarroa eta Iparraldeko egoera oso antzekoa da, naiz eta hori aurrera eramateko erabiltzen dituzte mekanismo legalak ezberdinak izan.
Herritarrok babesgabe gaude enpresen interesen aurrean eta hau agerian gelditu da azken asteetan Oiongo eta Arratzua-Ubarrundiako udaletako gertakariekin, zinegotzi batzuek eutsi diote beren printzipioei baina alderdiek ez. Hau etorriko denaren hasiera besterik ez da eta herritarron borondatea kontuan ez hartzearen ondorioz, lurra defendatzeko enpresei zuzenean aurre egitera behartzen gaituzte. Erantzunen aurrean, lurraren defentsan lanean ari garenok instituzioetatik jasaten dugu errepresioa gogor salatu nahi dugu. Horren adibide dira Aroztegiako, Marineiako edota gure kide batek jasandako errepresioa. Hemendik gure babes osoa adierazi nahi diegu.
Egoeraren larritasuna ikusirik, berriro ere argi esango dugu, hau da bidea!! Behar den guztietan hartuko ditugu kaleak, inposaketen aurrean indarrak batu eta argi esango diegu. Ez dizuegu utziko nahi duzuena egiten! Aurrean izango gaituzue!
3 hitzordu garrantzitsu aipatu nahi ditugu:
Martxoaren 29an AHT ren aurkako mendi martxa egingo da Altsasutik Olaztira.
Apirilaren 4an Oionen manifestazioa burutuko da udaletxeak izan duen jarrera salatzeko.
Maiatzaren 17-18an akanpada egingo dugu Uribarri-Jauregin.