top of page

SOLUZIOA EZ DA TEKNIKOA, SOZIALA DA. A. OTEGIRI ERANTZUNA.

  • EH Bizirik
  • 7 days ago
  • 4 min read

Updated: 1 hour ago

Azken asteotan, energia berriztagarriei buruzko eztabaida komunikabideetan zabaldu  da. Euskal Herrian, lehenik eta behin, Aritz Otxandianok jasandako erasoaren kasu  mediatikoa izan genuen, berak energia berriztagarrien aldeko jarrerari egotzi ziona;  handik egun gutxira, itzalaldi handia, eta penintsulan berriztagarrien hedapenarekin  lotzen duten analisiak — adituak eta ez — medioetan agertu izana; azkenik, Bilduko  liderraren adierazpenak, zeinak gertakari horiek industria makroberriztagarriaren bere  aldeko jarrera berriro ere argi uzteko eta horien aurka daudenak interpelatzeko erabili  dituen. Euskal Herriko lurraldearen aldeko plataforma herritar gisa, bere hitzetan  aipatutzat jotzen dugu geure burua.


Sakoneko kritika gisa, Bilduko buruak adierazi du energia berriztagarrien hedapenaren  aurka daudenek ez dutela alternatibarik planteatzen. Bere garaian energia nuklearraren  aurkakotasunak energia berriztagarrien alternatiba aldarrikatzen zuela esan du, eta orain  horiek baztertzen badira, beste perspektibarik gabe, nahi ez diren bi agertoki irekitzen  direla: energia nuklearra berriro agertzea edo gauzek dauden bezala jarraitzea.  Alternatiben gaiari ekiteko, lehenik eta behin, analisi honen atzean dagoen dogma  bitarra desmuntatu behar da. Energia berriztagarriak mugimendu antinuklearrak bere  garaian planteatzen zuen alternatiba baziren, gaur egun badakigu alternatiba ezin dela  izan nuklearra edo petrolioa ordezkatuko duen beste "teknologia" bat, ez baita  existitzen. Baina Antonio Aretxabalak dioen bezala, "konponbidea ez da teknikoa,  soziala da". Konponbideak, ziur aski, teknologia eolikoa eta fotovoltaikoa barne har  ditzake, baina eztabaidagai dagoena ez da teknologia mota, baizik eta oinarrian dagoen  eredu energetikoa eta soziala.


Energia berriztagarriak kualitatiboki ez dira ohiko energiak bezalakoak,  intentsitateagatik, fluktuazioagatik, biltegiratzeagatik, garraiatzeagatik eta beste hainbat  elementurengatik. Horregatik, gaian adituak diren pertsonek adierazi dute itzalaldiekin  lotuta egon daitekeela mantenu egokirik gabe sare elektrikoan duten sarrera masiboa.  Baina arazoa ez da eguzki-teknologia edo teknologia fotovoltaikoa, arazoa eskala  makroa da, lurralde eta finantza zentralizazioa, energia mugitzen duen merkataritza  dinamika eta dinamika espekulatiboa. Hemen alternatibei buruzko lehen erantzun bat  dago: ez du balio teknologia aldatzeak, sistema aldatu beharra dago. Batzuek esango  dute ez dela errealista, baina trantsizio bat egin behar dugula ari gara esaten, ezta?, eta  horrek "aldaketa" esan nahi du. Ez dago trantsiziorik aldatu nahi dugun gauza bakarra  elektrizitatea sortzeko teknologia bada: geratzen diren espazio naturalak txikituko  ditugu, eta gero konturatuko gara gauza berean jarraitzen dugula, baina are eta okerrago.


Trantsizio energetiko baten beharra kapitalak sortutako krisi zibilizatorioan kokatzen da,  beraz, ez dago ez bide marrazturik ez errezetarik, baina bai, ausartak izan behar dugu  azterketan eta proposamenetan, eta, Otegik dioen bezala, "eztabaida lasaia" behar da 

"norantz joan nahi dugun", zein gizarte motatara" zehazterakoan. Hala ere, bitxia da  orain eztabaida lasaiaz hitz egitea, orain arte "eztabaida lasaia" saihestuz prozesuari  presa sartzen jardun dutenean.


Eztabaida honetako puntuak definitzeko, Otegik zenbait galdera egiten ditu.  Lehenengoa: herrialde industriala izan nahi dugu? Benetako trantsizio energetiko eta  ekologikoaren ikuspegitik, Bilduko liderrak ematen duen baiezko erantzun irmoa  zehaztu beharko litzateke. Guk galdetzen dugu: industria zertarako? Energia behar dugu  gerra industriarako? Edo hain euskaldunak diren CAF bezalako industrientzat,  erregimen genozidekin lan egiten dutenak eta horietaz baliatzen direnentzat? Gure  erantzuna ezezkoa da, argi eta garbi. Baina, are gehiago, energia behar al dugu luxuzko  ondasunen industriarako? Edo plastikozko ontzien eta erabili eta botatzeko milaka  gauzen industriarako?


Krisi ekologikoa aztertzen dutenak gehien kezkatzen dituzten planetaren muga  biofisikoen artean, "entitate berriak sartzea" dago, hau da, biosferaren kontserbazioan  eragin larria duten substantziak, objektuak, hondakinak, baita giza ekoizpeneko  organismoak ere. "Entitate berri" horien masak planetaren biomasa osoa gainditu du,  hau da, geure hondakin eta trasteetan hondoratzen ari gara. Larrialdi horren aurrean,  errealista izateak esan nahi du aukeratu egin behar dugula zein industriek merezi duten  aurrera egitea eta zeintzuk diren alboratu behar direnak, eta, aldi berean, eztabaida mekanismoak planteatu behar ditugula hautaketa horren prezioa ez dadin izan langileen  gainekoa, baizik eta industria-jarduera horiek metatutako kapitalaren gainekoa. Benetan  premiazkoa da "eztabaida lasai" baten bidez erabakitzea zer eta zenbat ekoiztu eta  kontsumitu dezakegun, eta, horren arabera, ekoizpena antolatzea. Ez alderantziz, gaur  egun gertatzen den bezala.


Otegik planteatzen duen bigarren galdera da ea subiranotasun energetikoa duen  herrialde bat izan nahi dugun, hau da, behar duen energia ekoizteko gai den herri bat.  Hemen ere beharrezkoa da Bilduko liderrak ematen duen erantzuna zehaztea.  Ekologikoki jasangarria den gizarte baterantz jo nahi badugu, subiranotasun energetikoa  ezin da planteatu egungo "Estatu" kontzeptuaren terminoetan. Estatuek lurraldeak  merkatuaren zerbitzura homogeneizatzen dituzte, eta esparru horretan batzuen  "subiranotasuna" beste batzuen arpilatzean oinarritzen da ezinbestean. Eredu horren  aurrean, subiranotasun bat planteatzen dugu, herri bakoitzaren berezitasunekiko  elkarrekiko errespetuan oinarritua, eta berdintasun-harremanak sortuko dituena egoera  ahulenean dauden pertsonekin. Errebindikazio hori praktikan jartzea beharrezko  subiranotasuna ziurtatuko lukeen palanka da, ez soilik energetikoa, baita pertsona  bakoitzaren berezitasunei unibertsalki erantzungo diena ere, bakoitzaren premia mailaren arabera, lurraldearen eta bizitzaren artean dagoen harremana eten gabe.


Energia bezalako funtsezko ondasun bat ezin da izan korporazio pribatuek  menperatzeko eta espekulatzeko erabiltzen duten tresna. Horretan ados gaude Otegiren  hitzekin, nahiz eta ez duten zerikusirik haren praktika alderdikoiarekin. Baina ez dugu  uste energiaren kudeaketak agintaritza publiko zentralizatu baten eremu esklusiboa izan 

behar duenik ere. Subiranotasuna eraikitzeko, tokiko komunitatearen rola indartu behar  da, parte-hartze eta demokrazia zuzeneko sistema eraginkorrak ezarriz. Kasu batzuetan,  landa inguruneetan oraindik bizirik dirauten lurraldeko kudeaketa sistema tradizionalak berreskuratzea, indartzea edo eguneratzea da kontua, hau da, Komunala.


Aldi berean, subiranotasuna gainerako herriekin elkartasunez eraiki behar da, egungo  energia-sistemaren ipar-hego ustiapen dinamika gaindituz. Otegik desberdintasun horiek  salatu ditu, baina ahaztu du industria makroberriztagarriak ez dituela murrizten eta,  gainera, horietan sakontzen duela, behar dituen baliabideak ateratzerakoan eta sortzen  dituen hondakinak bideratzerakoan. Guk subiranotasuna planteatzen dugu termino  internazionalistetan. Lehia kapitalistan oinarritutako egungo ereduaren aurka,  planteatzen duguna da lurralde bakoitzaren berezitasunak errespetatuz munduko herri  guztien artean berdintasun harremanak sortzeko gai izatea.


Ez dago murgilduta gauden krisi energetiko, ekologiko eta sozial honetatik ateratzeko  behin betiko errezeta edo planik. Industria makroberriztagarria ez da alternatiba bat,  bide beretik jarraitzen saiatzea da, haize eta eguzki teknologiak sistema intentsibo,  zentralizatu eta jasanezin batera egokituz. Azaldu berri ditugun hausnarketek bide  posibleak adierazten dituzte. Ez dira guk asmatutako hausnarketak, urte hauetako  borrokaren ikaskuntza baizik; ingeniaritzan, fisikan, geologian, soziologian, zientzia  politikoetan eta abarretan adituak eta akademikoak diren pertsonak ere batu zaizkigu  ikaskuntza horretara. Pertsona jantzi horiek, ziur asko Otegik ezagutu, entzun edo  irakurri dituenak, funtsezko ekarpena egin dezakete krisi ekologiko eta energetikoaren  benetako alternatibak imajinatu eta esperimentatzeko prozesuan, eta horretan ari dira  dagoeneko.


Irtenbide posible asko daude, baina eraiki egin behar dira, eta ezer baino lehen imajinatu  egin behar dira. "Makroberriztagarriak edo basakeria" hautakariak egungo eredua  benetan gainditzea ekarriko balu bezala inposatu nahi duen erretorikaren aurrean, guk  erantzuten dugu alternatiba posible bakarra lurraldearen biziraupenetik banaezina dela.  Azken finean, erabat lotuta dago gure bizitzari eustearekin.


2025/05/08
bottom of page