top of page

Valentziako gertakariak

  • EH Bizirik
  • Nov 19, 2024
  • 2 min read

Updated: Apr 25

Hasteko gure elkartasun eta babesa eskaini nahi diegu hondamendi honetatik kaltetuak atera diren herritar guztiei. Bide beretik, hondamendi honen dimentsioren arduradun politikoak seinalatzea ezinbestekoa dela deritzogu, hauen egiteko modu eta lehentasunen ondorioz penintsula mailan arrazoi klimatikoak medio, inoizko ezbehar larrienetarikoa gertatu baita.


Auzi konkretu hau aztertzerakoan oso garrantzitsua da politiko profesionalek orain arte egin dutena tentuz begiratzea. Ibaiaren ibilbidea aldatu, bertan etxebizitzak eraiki, larrialdi zerbitzuak murriztu, emergentzia egoeran herritarrei ez abisua pasa … etab. Honi zenbait enpresarik jokaturiko papera gehitu behar diogu; alerta egoeran lanera joatera derrigortzea, alerta egoeran lanetik etxera joatera derrigortzea, lanera joan ezin duena kaleratzea … etab.


Adibide hauek argi erakusten dute lehentasuna ez dela inondik inora herritarrak zaintzea izan. Kontrara, izatez arriskutsuak diren tokietan etxebizitzak eraikitzeko baimenak eman dira enpresen mesedetan. Bestalde, diru publikoa herritarren babeserako erabili beharrean “Valentziako Larrialdi Unitatea” kasu, enpresen interesak defendatzeko erabiltzea lehenetsi da. Hauei gertakariaren ondorengo kudeaketa negargarria eta interesatua gehitu behar dizkiegu; polizia eta soldaduak hondamendi gunera bidaliz ordena mantentzera jendea gosez eta egarriz hitzeko arriskuan zen bitartean, etxebizitza galdu zuen familia bat lortu berri zuen beste etxebizitza batetik desalojatzea … etab luze bat. Eta hau guztia estatuko instantzia nagusiak errentagarritasun politikoa atera nahian egindako anuntzio eta presentziarekin (nahikoa erridikulua egia esan). Honen aurrean herritarren erantzuna guztiz eredugarria izan da, hondamendiko gunera ehundaka boluntario gerturatu baitira esku bat botatzera, aupa zuek!!


Bestalde, borraskaren izaerari erreparatzen badiogu, adituen arabera argi dago aldaketa klimatikoak DANAren dimentsioa handitzerakoan jokatu duen papera oso garrantzitsua izan dela. Aspalditxotik entzun ditugu honen inguruko ohartarazpenak, baina hauei kasu egitetik urrun, etekin ekonomikoaren logikari jarraitu dio gure elite ekonomiko politikoak eta ondorioz inoizko testuinguru ekologiko zailenean aurkitzen gara gaur egun. Testuinguru zail honetara bultzatu gaituzten elite ekonomiko politiko berberak hemendik aterako gaituela sinestarazi nahi digu, horretarako kapitalismo berdearen proposamena mahai gaineratuz.


Proposamen honen oinarria egun bizi dugun krisi ekologikoa,krisi klimatikora mugatzean datza. Modu honetan hazkunde ekonomikoa emateko baldintzak bermatu nahi dituzte CO2 isuriak gutxitzearekin batera. Horretarako ezinbesteko baldintza “berriztagarrien” zabalpen masiboa ematea da, ekonomiaren balizko elektrifikazio batekin amesten duten bitartea.


Proposamen hau Europatik iritsi zaigu gurera, eta bertako politikariek bere egin dute gustu handiz. Baina gezur bat asko errepikatzeagatik ez da egi bihurtzen, eta argi izan behar dugu hazkunde ekonomikoa ezinbestekoa duen eredu honetan, berriztagarrien zabalpenak ez duela inolaz CO2 isuria gutxituko direla bermatzen. Horren adibiderik onena Nafarroan dugu, hemen berriztagarrien zabalpen handia eman izanagatik CO2 isuriak gora egiten jarraitzen baitute. Are okerrago, egun bizitzen ari garen hondamendi ekologikoan sakontzea bakarrik ekarriko luke proposamen honek.


Beraz, muturreko fenomeno hauek ahal den neurrian ez indartzeko eta kasu hauetan herritarron interesak lehenetsiko dituen bide horri bat izateko, ezinbestekoa deritzogu egungo eredu ekonomikoaren gaindipena eman eta oraindik bere horretan mantentzen diren natur guneak defendatzea. Guk EH Biziriketik gure esku dagoen guztia egingo dugu bide horretan.


2024/11/19
bottom of page