Laburpena:
Gizakiaren biziraupenerako ezinbestekoak ditugun ekosistemetan eragiten ari garen sakoneko aldaketak, gaur egun bizi dugun larrialdi ekologikora ekarri gaituzte. Lur planetaren 9 muga biofisikoetatik 7 jada zonalde segurutik kanpo daude eta alterazio biofisiko hauen jatorria, gizakiak inguru naturalarekin erlazionatzeko duen moduaren ondorioa da inolako zalantzarik gabe.
Nekazaritza industrial eta intentsiboak, esaterako, nitrogeno eta fosforoaren zikloaren alterazioa, desertifikazioa, biodibertsitatearen galera eta ur gezaren eskuragarritasunean arazo larriak eragin ditu. Berrikuntza teknikoekin eta kapitalismoak exijitzen duen hazkuntza ekonomiko etengabearen ondorioz, teknika inbaditzaileen erabilera areagotzen joan da, lurren produkzioa gero eta gehiago handitzeko edo, gutxienez, ez txikitzeko.
Baina afera arlo jakin batekin lotzetik urrun, larrialdi egoera honetara nola iritsi garen aztertzerako orduan, ezinbestekoa da gizakiak bere inguru naturalarekin duen harremana irauli duten bi fenomeno edo egiteko modu nagusietan arreta berezia jartzea. Hau da, hazkuntza ekonomiko etengabea eta erregai fosilen erabilera masiboa. Gizakiak ekoitzitako aberastasunaren metaketa geroz eta handiagoa, geroz eta esku gutxiagoetan metatzea ahalbidetzen duen eredu ekonomikoa da hau, kapitalismoa. Eredu honek horren denbora laburrean eragin duen hondamendi ekologikoa ez dago ulertzerik erregai fosilen neurrigabeko erabilerarik gabe.
Gaur egungo ekoizpen eta kontsumo mailari eusteko ezinbestekoak dira erregai fosilak. Zenbaitzuek aditzera eman nahi dutenaren kontrara, argi izan behar dugu larrialdi ekologikoa gainditzeko ez dela nahikoa egungo gizartea sostengatzen duen matrize energetikoa aldatzea. Ez da nahikoa eta ez da posible gainera, gaur egungo ekoizpen eta kontsumoa zalantzan jartzen ez diren bitartean.
Honekin batera, klima larrialdia ondorio katastrofioak eragiten ari da mundu mailako biztanleriaren zati esanguratsu batean. Egoera larri honen aurrean elite politiko-ekonomikoak egin duen apustua argia da ordea, elite honek irabazi kapitalista lehenetsi du mundu mailako ongi izatea alde batera utziz. Klima larrialdiaren urgentzia bereganatzen saiatu dira Green New Deal moduko esloganekin industrializazio “berde” bat aurrera eramateko beharrari azpimarra eginez. Horrela, larrialdi ekologikoa klima larrialdira mugatu dute, honekin bake soziala lortu eta merkatu-nitxo bat aktibatzeko asmoz.
Aipaturiko logika jarrituz, asko dira azpimarra berezia merezi duten makroproiektuak: Makro mailako berriztagarriak, biometanizazio plantak, datu zentroak, AHTa, Petronorren elektrolizatzailea, Olaztiko erraustegia, Gatikako interkonexio elektrikoa, goi tentsioko lineak… eta abar. Denek irabazi ekonomikoaren logika dute lehentasun, ez ongizate soziala. Europako Ingurumen Agentziak dioenez, 2012 eta 2018 urteen artean, 400 km² artifizializatu ziren urteko eta bilioi bat tona lur galdu ziren erosioaren ondorioz. Datu honek bakarrik agerian uzten du egungo egoeraren larritasuna zenbaterainokoa den.
Lurraren defentsaren aldeko borroka, natura defendatzeko borroka da azken finean eta gaur egungo testuinguruan duen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Gaur egungo eredu ekonomikoari alternatiba erreal bat emateko gai ez garen bitartean, instituzio eta enpresarien aldetik ingurune naturalari egin nahi dioten suntsiketari aurre egitea ezinbesteko zeregina dela uste dugu.
Manifestu hau sinatzen dugun eragileok argi dugu politikari eta enpresarien inposaketen aurrean, justizia soziala eta natura babestea helburu harturik, lurra defendatzen jarraituko dugula!
Manifestua:
Atxikimenduak:
AHT Gelditu! Nafarroa · AHTrik Ez Arabako Haranak · AHTrik Ez Lautada · Aiaraldeko Mendiak Bizirik · Amasamendi Bizirik · Araba Bizirik · Arabako Errioxa Bizirik · Arabako Mendiak Aske · Aramaixo Bizirik · Baserritarren Bilgunea · Bianditz-Domiko Bizirik · Biharko Lautada · Biolur · Cabezón de Etxauri Bizirik · Dikerik Ez · Eguzki Talde Ekologista · EHKOlektiboa · Ekologistak Martxan Gipuzkoa · Ekologistak Martxan Lizarraldea · Enkarterrin Makro Eolikorik Ez · Erdiz Bizirik · Errezil Bizirik · Guggenheim Urdaibai Stop · Gure Haizea · Haizeak Bizirik · Horrela Ez Badaiotz · Horrela Ez Iruña Oka · Horrela ez Valdegovia-Gaubea · Ingeniería Sin Fronteras · Interkonexio Elektrikorik Ez · Legutio Borrokan · Makatzak Arratiako Ekologistak · Meaka Irimo Herri-plataforma · Nafarroako Hazi Sarea · NET-TEN · OSTIA sarea · Por Trespuentes · Proiektu Honi Ez! (Arratzua-Ubarrundia) · Sakana Bizirik · Sañu Bizirik · SOS Margarita · SOS Sollube · Stop Variante Las Karreras · Sustrai Erakuntza · Urbasa-Andia Bizirik · Urola Bizirik · Urumeako Mendiak Bizirik · Zazpe · Zumaiako Natur Taldea
Atxikimendua adierazketo idatzi harremanak@ehbizirik.eus helbidera.