Subflubialari EZ!

Datorren apirilaren 25ean mobilizazio garrantzitsua deitu dute azpiegitura zentzugabe honi aurre egiteko Bilbon. Idatzi honekin mobilizazio horretara joatearen garrantzia azpimarratzeaz gain, Euskal Herria Biziriketik garrantzitsutzat ditugun zenbait puntu azpimarratu nahi ditugu.

Proiektu honen ezaugarri nagusia Leioa eta Portugalete ibai azpitik lotuko dituen azpiegitura bat da, guztira 3,2 km-ko luzera izatea aurreikusten da eta horietatik 2 km ibai azpikoak. Obra honek 543 milioiko aurrekontua izango du hasiera batean, baina azpiegituraren berezitasuna ikusita, aurreikus daiteke aise gaindituko duela aurrekontu hori.

Aski ezaguna da Bizkaiko Diputazioak makro mailako azpiegiturak egiteko duen zaletasuna, nahi adina adibide ditugu horretarako. Baina gure ikuspuntutik oso adierazgarria da diskurtsiboki Europa eta Espainiar estatuko elite ekonomiko-politikoarekin batera, klima larrialdiaren aurka egiteko beharraz mintzo diren honetan, aurkako norabidean doazen azpiegituren eraikuntzan duten iniziatiba. Oso larria da, alde batetik, 80 milioi euroko inbertsioko proposamena egitea, ustezko larrialdi klimatikoari aurre egin eta autonomia energetikora bidean pausoak emateko diskurtsoarekin, eta bestetik, horren aurkako norabidean doan azpiegitura hau bultzatzen jarraitzea.

Azpiegitura hau printzipio diskurtsibo horien aurkako norabidean doala diogu, batetik, azpiegitura honek auto gehiago ibiltzea ekarriko duenez, klima larrialdian sakontzea bultzatuko duelako. Honekin batera, auto hauek erabiltzen dituzten erregaiak eta azpiegitura hau eraikitzeko beharrezko diren makineria eta hormigoiak erregai fosilekiko guztiz menpekoak dira. Autonomia energetikoaren kontzeptua momentu eta modu interesatuan soilik erabiltzen dela agerian utziz.

Makro mailako azpiegitura honen eraikuntza logika kapitalistaren prismatik soilik uler daiteke. Logika honek etengabe eraikitzen jarraitzeko, gehiago eta bizkorrago ekoizteko beharra du ezinbestean. Egiteko modu honek zuzenean larrialdi ekologikoan sakontzea dakar berekin, hau aldatu ezean, gizakion biziraupena bera zalantzan jartzeraino.

Eredu ekonomiko kapitalista gainditu ezean, etengabe larrialdi ekologikoan modu esanguratsuan sakontzea ekarriko luketen azpiegitura eta iniziatiben aurka borrokatzera kondenatuta gaude. Baina honekin ez dugu larrialdi ekologikoa gainditzea lortuko, ondorio batzuk murriztea baizik.

Azpiegitura erraldoi honi aurre egitearen garrantzia azpimarratu nahi dugu beste behin, eta horretarako apirilaren 25ean burutuko den manifestazioan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Indarrak batuz soilik lortuko baitugu azpiegitura hauei aurre egitea.