EAEko proiektuak azkartzeko legeari buruz

Euskal Herria Bizirikek Eusko Jaurlaritzak sustatutako Jarduera Ekonomiko Jasangarria Errazteko eta Arintzeko Premiazko Neurriei buruzko lege proposamen berria salatzen du, ingurumen bermeak desegiteko, gizartearen partehartzea mugatzeko, kontzejuen eta udalen eskumenak murrizteko eta, azken batean, gero eta azkarragoak eta gardenagoak diren prozedurak erabiliz, lurraldeari kalte handia egiten dioten proiektuak ezartzea errazteko beste ahalegin bat delako.

Gure ustez, ekimen hau makroproiektuen gauzatzea azkartzera bideratutako estrategia politiko bat da, korporazio handien eta inbertsio funtsen interesak bultzatzeko, gure landa eremuak eta natura eremuak arrisku larrian jarriz.

Ekimen hau Aitor Esteban eta Eneko Andueza EAJko eta PSEko arduradun nagusiek aurkeztu dutena, Eusko Jaurlaritza azken urteotan garatzen ari den ildo politikoaren urrats berri bat da.

Aurrekari esanguratsu bat 10/2021 LEGEA, abenduaren 9koa, Euskadiko Ingurumen Administrazioarena izan zen, “Tapia Legea” izenez ezagutzen dena. Lege horrek Eusko Jaurlaritzaren gaitasuna handitu zuen ustez interes publiko gorena zuten proiektuak jorratzeko, nahiz eta horien kaltea zuzenean pairatuko zuten udalak aurka agertu.

Ondoren, 2024ko otsailean, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren legea onartu zen. Oraingo hau, Mikel Oteroren eta Arantxa Tapiaren arteko besarkadak argi utzi zuenez, EH Bilduk ere pozez onartu zuen. Lege horrek, 63. artikuluan, “legearen helburuak lortzen laguntzen duten” proiektuetarako prozedurak sinplifikatzeko eta arintzeko agindua jasotzen du, Interes Publiko Goreneko Proiektu (IPGP) izendatuak izan zitezen lege oinarria ezarriz.

Eusko Jaurlaritzak sustatu nahi duen Interes Publiko Goreneko Proiektu (IPGP) figura honek anaia bikia du Nafarroan, Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialak (UGPS) izenarekin. Kasurik ezagunena Aroztegiakoa da. Nafarroako Gobernuak “interes publikoko” izendapena emanda, Lekarozen 45 hektarea desjabetu nahi ditu, udal antolamenduari muzin eginez, eta luxuzko resort pribatu bat sortu, golf-zelaia eta guzti.

Lege ofentsiba honetan funtsezko beste ekimen bat Eusko Jaurlaritzak urtea amaitu baino lehen onartu nahi duen Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) da. LPS horrek gaitzespen sozial handia eragin du, eta tramitazioan zehar 4.000 alegazio baino gehiago aurkeztu dituzte pertsona partikularrek, eta hainbat gizarte eragilek. Azpimarratu behar da 50etik gora elkartek, administrazio batzarrek, sindikatuk eta plataformek jada iragarri dugula auzitegietan helegitea jarriko dugula LPSaren aurka, azkenean onartzen bada, lurraldearen okupazioaren eta merkantilizazioaren logikari erantzuten diolako.

Era berean, ez da kasualitatea lege hau momentu honetan bultzatzea; izan ere, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Saileko sailburuak duela aste batzuk iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) bitartez, elektrizitatearen sorkuntza bikoiztu nahi duela 2030erako Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez ere proiektu eoliko eta fotovoltaikoen bidez. Horretarako, 80 milioi euro baliatuko ditu Eusko Jaurlaritzak, lankidetza publiko-pribatuko formula erabiliz.

Alde batetik sozialki baztertutako LPS bat onartu nahi da, eta, bestetik, makroproiektuen izapidetzea errazteko eta arintzeko legeak sustatzen dira. Eta gainera enpresa handiei diru publikoa ematen zaie.

Horri guztiari gehitu behar zaizkio Espainiako gobernuak energia eta geopolitika gerren testuinguruan onartutako ezohiko hainbat neurri.

Hala, 6/2022 Errege Lege Dekretuak, Ukrainako gerraren ondorio ekonomiko eta energetikoei erantzuteko onartu zenak, ezohiko mekanismoak sartu zituen makroproiektu fotovoltaiko eta eolikoen ingurumen izapideak eta tramitazio administratiboak arintzeko.

Era berean, berrikiago, Irango gerrak eragindako ondorioei aurre egiteko onartutako 7/2026 Errege Dekretuak azpiegitura horien hedapena bizkortzeko eta izapidetze epeak eta tramitazio administratiboak murrizteko neurriak bultzatzen ditu.

Mugaren beste aldean, Iparraldean, Frantziako Gobernuak 2023an onartutako Energia Berriztagarrien Azelerazio Legeak (EBAL) sinplifikazio administratiborako eta epeak murrizteko neurriak jasotzen ditu. Bere helburuetako bat proiektu energetikoen ezarpena azkartzea da.

Horretarako, Frantziako legeriak “interes publiko goreneko derrigorrezko arrazoia” kontzeptua asmatu du energia proiektu jakin batzuetarako.

EBAL Legea eta hura garatzeko erregelamendua oinarri hartuta, energia berriztagarrien zenbait proiektu interes publiko gorenekotzat jo daitezke. Era honetan, ingurumen baimenak lortzeko salbuespenak ezartzen zaizkie proiektu horiei, eta azken finean baimenak lortzea errazten zaie.

Baina argi dago sinplifikazio administratiboaren erretorikaren atzean ondasun komunen eta lurraldea kudeatzeko eta zaintzeko modu kolektiboen aurkako eraso berri bat ezkutatzen dela. Historikoki horiek izan dira mendiak, lurrak, urak eta baliabide naturalak babestea bermatu dutenak eta gutxieneko ingurumen oreka bat izatea lortu izan dutenak.

Ekimen horiek guztiak estrategia politiko beraren parte direla uste dugu; helburua makroproiektu energetikoak ezartzeko bidea erraztea da, enpresa handien interesen mesedetan, gizartearen esku hartzeko gaitasuna murriztuz, ingurumena kontrolatzeko mekanismoak ahulduz eta gure lurraldearen kudeaketa komunala arriskuan jarriz.

Gure mendi, natur gune eta laborantza lurren industrializazioaren aurrean, Euskal Herria Bizirik!!!