Eusko Jaurlaritza enpresa energetiko handien morroi

Euskal Herria Biziriketik oso larritzat jotzen dugu Eusko Jaurlaritzak iragarri duen energia “berriztagarrien” aldeko apustua, 2030era bitartean, aliantza publiko-pribatuaren bitartez, inbertsio pribatuak sustatzeko diru publikotik 80 milioi euro bideratzeko asmoa adierazi baitu berriki. Apustu hau ikuspegi ekologikotik arduragabekeria hutsa izateaz gain, erakunde publikoen ekimen moduan ulertu behar dugu enpresa energetikoen interesen alde, lurralde antolaketaren beharra bigarren plano batean kokatuz.

Iragarri berri dutena aztertzerako orduan oso garrantzitsua da azpimarratzea azpiegitura hauen beharraren justifikazioa nola aldatu den azken urteetan, bai Europan eta bai EAE mailan ere. Orain dela 3 urte (edo gutxiago) aldaketa klimatikoa zen borrokatu beharreko elementua; orain, berriz, autonomia energetikoaz mintzo dira. Adibide honek eta Europa mailan ematen ari den karbono merkatuaren merkatzeak agerian uzten dute klima larrialdiari aurre egiteko borondatea irabazi kapitalisten araberakoa dela, hau da, irabazi kapitalistak handitzen jarraitzeko balio badu ongi dago, bestela, albo batera utziko da, argi eta garbi.

Apustu berri hau bereziki larria da lurralde antolaketaren ikuspegitik aztertzen badugu. Izan ere, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) onartzeko epea beste behin atzeratu dutenean argitaratu baitute albiste hau. Honek administrazio publikoaren aldetik epe luzeko perspektiba falta agerian uzteaz gain, krisi energetiko betean enpresa energetikoei bidea errazten die eta instituzioen aurpegi zuriketarako baliatu nahi izan den mugimendu gisa ulertu behar dugu, larrialdi ekologikoa, bere osotasunean, alde batera utziz.

Bestalde, sarri salatu izan dugun moduan, EAEn poligono eoliko eta fotovoltaiko berriak justifikatu nahi direnean, albo batera uzten dira Nafarroan jada instalatuta daudenak. Eusko Jaurlaritzak kudeatzen duen administrazio eremutik harago, Hego Euskal Herria bere osotasunean harturik, Europako herrialdeen batez bestekotik oso gertu dagoela erakusten dute datuek. Hego Euskal Herriak (ez dago iparraldeko daturik) kontsumitzen duen elektrizitatearen %40 inguru ekoizteko gaitasuna du energia “berriztagarriak” erabiliz (2024ko datuen arabera). Ezin dugu ahaztu Espainiako estatuan ez dela “berriztagarrien” gaitasun guztia erabiltzen elektrizitatea ekoizteko. Joan den apirilaren 28ko itzalaldiak erakutsi zigun moduan, “berriztagarrien” gainekoizpenak sare elektrikoan arazo larriak sor ditzake eta horren ondorioz, gaur egun kontsumitzen dugun elektrizitatearen %50 soilik ekoitz daiteke teknologia hau erabiliz.

Horrek agerian uzten du sare elektriko berera konektatuko diren makro mailako berriztagarriak instalatzen jarraitzeak ez duela zentzurik. Beraz, estrategikoki propaganda hutsa izateaz gain, elektrizitatearen prezioa kontuan hartuta (sarri 0 eurotik gertu dabil), inbertsio ekonomiko hauen bideragarritasuna zalantzan jarri da azken urteetan. Honetaz guztiaz jakitun, proiektu horietan diru publikoa inbertitzeak zentzu bakarra du: energia enpresa handien apustuak indarra galdu duen honetan, diru publikoaren bitartez enpresa pribatuen irabazi ekonomikoa bermatzea. Beste behin, diru publikoa esku pribatuetara bideratu nahi da eta horren adibide ezin hobea dugu Labrazan. Herritarren borondatearen gainetik, Eusko Jaurlaritza eta Iberdrola aurrera eramaten ari diren makro mailako proiektua dugu hau.

Euskal Herria Biziriketik instituzioetatik bultzatu nahi den suntsiketari aurre egiteko, maiatzaren 23an Gasteizen burutuko den manifestazioan parte hartzearen garrantzia azpimarratu nahi dugu. Indarrak batuz soilik lortuko dugu gure lurraldea suntsitu eta enpresari handien poltsikoak betetzera atozen makro proiektu guztiak geldiaraztea.