“LURRAREN DEFENTSAN ANTOLATUZ!” Euskal Herria Biziriken kanpaldia
- EH Bizirik
- 21 hours ago
- 5 min read
Updated: 9 hours ago
Euskal Herria Biziriketik maiatzaren 16-17-18rako antolatu dugun kanpaldiarekin, lurraren suntsiketaren aurrean beste jauzi bat emango dugu. “Lurraren defentsan antolatuz!” hartu dugu lelotzat, elkar ezagutza indartuz lurraren defentsarako borrokan ezinbestekoak ditugun jakintzetan sakondu eta beharrezko baliabideez jabetu nahi dugulako. Desjabetu nahi dituzten eremuetan erresistentzia antolatzeko dugun gaitasuna erakutsi eta kaleak betetzetik mendiak hartzera pasako gara. Ez dizuegu mendi eta landa eremuak suntsitzen utziko!!
Egun biziarazten diguten krisi sozio-ekologiko larrian inposatu nahi dizkiguten proiektuen zentzugabekeria salatzea guztiz beharrezkoa da, norabide honek arazoa konpontzetik urrun enpresen irabaziak bermatzea baitu helburu. Guztiz inozoa litzateke gure partetik testuinguru honetara ekarri gaituzten enpresari eta politikariek larrialdi honetatik aterako gaituztela pentsatzea. Guk argi dugu beste jendarte eredu baten eraikuntza guztiz beharrezkoa dela, baina bitartean ez diegu natur baliabideen pribatizazio eta suntsiketarekin jarraitzen utziko.
Euskal Herriko eremu zabaletan lurraren jabetza publikoa da, izan Araba eta Nafarroako kontzejuak, Gipuzkoa eta Bizkaiko herri lurrak edo Iparraldeko Mendi Sindikatuak adibidez. Eta hauetako askoren kudeaketa batzar bidez egiten dute dagokion lurraldeko biztanleek era zuzenean. Eredu hauek tokiko biztanleen beharrak jartzen dituzte erdigunean eta ez diru gose ta interes pribatuak.
Aldiz, AHT, makro-etxalde, zentral eoliko eta solarrak, mehatze etabarrek lurraldea interes pribatuen mesederako erauspen eta esplotazio eremu soiltzat baliatzen ditu, ahal bezainbat etekin zukutu ostean hondakin toxiko eta arriskutsuz betetzeko lekutzat. Lurra artifizializatzen, hormigoiz betetzen badugu, nekez izango dugu aukerarik errekuperatzeko.
Kanpaldia egiteko Arabako Lautadan eta Mendialdearen artean dagoen Ullibarri Jauregi herria aukeratu dugu. Eremu honek etorkizunera begira, gutxienez, bi mehatxu larri ditu: AHTa eta gaizki deituriko “berriztagarriak”.
Abiadura handiko trenaren afera ez da berria baina honek ez dio egun proiektu honen aurka egiteak duen urgentzia kentzen. Kontrara, sinestarazi nahi digutenaren aurrean, proiektu honetan azken 30 urtetan 5380 milioi euro gastatu diren arren, momentu honetan Hego Euskal Herri guztian oraindik proiektuaren %35 bakarrik eraiki da. Honi estazioak, trenak… etab luze bat gehitu behar zaizkio oraindik beste 4000 milioi euro aurreikusiz Euskal Yan bakarrik. Datu hauek Espainiako Oscar Puente ministroak berak baieztatu ditu, pasa de hilean onartu baitzuen momentu honetan oraindik euskal Y ren erdia ere ez dela gauzatu.. Nafarroako datuak aztertuz gero berriz aurrekontuaren %8 bakarrik gastatu dute eta Ipar Euskal Herrian (Europarekin lotuko gaituen adarra) oposizio sozial oso handia duen proiektu bat izanik, momentuz ez dago martxan jartzeko aurreikuspenik.
Lurraldea suntsitu eta zatitu, paisaia betiko izorratu, jendea hirietan metatu, lehen sektorea kaltetu eta abar luze bat. AHTa marketing produktu bat besterik ez da baina diru asko ordaintzen ari gara eta honek egungo krisi testuinguruaren ondorioak areagotzen ditu: hezkuntza, osasuna, etxebizitza eta garraio publikoa okertuz, pentsioak jaitsiz, zorra handituz… Honek guztiak agerian uzten du proiektu honen zentzugabekeria.
Makro mailako berriztagarri faltsuen proiektuak Euskal Herri guztian zehar inposatu nahi dizkigute, guztira 155 fotovoltaiko eta 82 eoliko zehazki. Berriztagarri faltsuen zabalpen masibo honek, argi dago, ez duela egungo jendearen beharrei erantzutea helburu, etorkizun laburrean martxan jarri nahi diren datu zentroen gehiegizko energia eskaerei, hidrogenoren ekoizpen eta esportazioari eta Europarako salmenta espekulatiboari baizik. Azazetako eta Laminoriako mendietan ezarri nahi dituzten proiektu hauek ere logika berdinari erantzuten diote. Proiektu hauek, Labrazakoak bezala, Eusko Jaurlaritzatik behar dituzten baimen guztiak jaso dituzte eta ondorioz edozein momentutan has daitezke azpiegitura lanekin. Egoera oso larria da.
Ullibarri Jauregiko ingurunea balio natural handiko eremua izanagatik, agerikoa da korporazio eta instituzioen arteko elkarlanak etekin ekonomikoa lehenetsi duela beste behin. Landa eremu eta herri txikiak aukeratze dituzte bertako biztanleria urri eta nagusitua erraz beldurtu eta azpira dezaketelakoan. Baina ez daude bakarrik, sarea zabala da, hainbat eta hainbat lagun gara aurre egiteko prest gaudenak, elkartasunak egiten gaitu indartsu.
Horregatik hiru egunez, Ullibarri-Jauregin, irmotasuna eta erresistentzia gorpuztuko ditugu. Erresistentzian tematzea abiapuntu bat sortzea baita, egun duguna izango da-eta etorkizunekoaren hazia. Erresistentzia ezinbestekoa da txikizioaren katea eten eta biziarena bermatzeko.
Baina borroka horretan gu ere ez gaude bakarrik, bidelagun ditugu beste hainbat mugimendu eta ekimen. Kanpaldia burutuko dugun egun berberetan (Maiatzaren 17 an) Lapurdiko Kanbon, Marieniako proiektu txikitzailea hastea ekiditeko, atxiloketa eta zigorren gainetik erresistentzian antolatuz, BEEE (Babestu Eta Ereiteko Eremua) sortuko dute. Eta Iruñan Plaestinaren aldeko manifestazioa burutu.
Aldi berean gogora ekarri nahi ditugu ere Aroztegiko ekintzaileak, lurraren defentsan aritzearren (eta erasoa gelditzea lortzearren) maiatzaren 19 tik 24 ra epaituak izango baitira. Baita maiatzaren 4tik 10eran, Aroztegiko Elkartasun Komitearen eskutik Elizondon burutzen ari diren kanpaldira deitu.
Elkartasuna lurraren defendatzaile ororekin!!
Zatozte maiatzaren 16tik 18 Ullibarri Jauregira!!
2025/05/06
Egitaraua
Ostirala 16
17etan bizikleta martxa Gasteiztik Vasco-Navarro bide berdetik. (Arkatxa kaletik)
Gasteizera garraio publikoan iritsita edo ibilgailuak pribatuz bertan utzi Arabako Lautadako herriz herri Ullibarri-Jauregirainoko 2 ordu inguruko ibilbide laua. Gasteizetik kanpin eta motxilak kanpaldira eramateko furgoneta egongo da.
18etan Txangoa Ullibarriko Gainetik (https://maps.app.goo.gl/bvWNu6arfnxzu2V2A) hegaztien jantokira.
Hegazti nekrofagoei janaria ematen zaien tokira bisita.
21etan afaria.
Larunbata 17
9 etan gosaria.
10etan “Sareak ehuntzen” elkar ezagutza eta esperientzia trukaketa dinamika.
Lurraren defentsa ardatz kanpaldira hurbildu den norbanako eta kolektiboen arteko elkar ezagutza eta esperientzien trukaketarako ekimena.
12:30etan “Irabazitako borrokak” mahai ingurua.
Euskal Herri osoan zehar zenbaezinak dira ikus ditzakegun txikizioak autopistak, AHT, industriagune erraldoiak... halere badira ere ikusten ez ditugun hainbat eta hainbat sarraski. Horien ordez natur, landa edo herri gune biziak ikusten ditugu. Leku hauek babestea eta iraunaraztea nola lortu den ezagutuko dugu beraien defentsarako eramandako borrokak ezagututa. Fracking, Jaizkibelgo Superportua eta Lemoiz.
14:30etan Palestina eta Marieniarekin elkartasun argazkiak.
15:00 etan bazkaria.
16:30etan Formakuntza tailerrak.
“Protesta eta erresistentzia alturetan” tailerra.
Protesta eta erresistentzi modu bat da altura medio, izan ikusgarritasuna lortu edo erresistentzia luzatzeko, norabait igotzea. Tailer honen asmoa gutxieneko segurtasun oinarri eta praktikak ikastea da, ekintzak arrakasta izan dezan inorentzat arriskutsu izan gabe.
“Ekintza zuzen ez biolentoa” tailerra.
Biolentzia ezaren praktikaren ezagutza teoriko eta praktikoa. Ekintza bat nola prestatu, garatu eta amaitu ikasteko aukera.
19:00etan “Lurraren defentsari begirada internazionalista”
Munduan zehar lurraren defentsan ari diren hainbat eragileren bizipinak ezagutzeko aukera. Hizlariak: Dalial Argueta Hondurasen lurraren defendatzailea, Marylen Serna “Congreso de los pueblos de Colombia”-ko bozeramailea eta Palestinaren aldeko ekintzaileak.
21:30 etan Afaria.
Ondoren kontzertua. Kantaldi ekofeminista.
Igandea 18
9etan gosaria.
10:00etan Mehatxatutako tokiak ezagutzeko mendi martxa.
Handia.
Ullibarri Jauregi- San Vitor- Itxogana- Ullibarri Jauregi. 4 ordu.
Txikia.
Ullibarri Jauregi – Gipuzuri ermita- Ullibari Jauregi. 2 ordu.
10:00- 14:30etan Formakuntza tailerra. “Ingurumen eta lurraldearen antolamenduen legearen urraketak eta prozedura administratibo eta juridikoen ezagutza”
Bi bloketan banatutako tailerra, tartean deskantsu batekin.
Lehenik gaiaren azalpen bat emango da da eta ondoren galderak egin eta esperientzien trukaketarako aukera egongo da.
Lehena “Ingurumen eta lurraldearen antolamenduen legearen urraketak “ deitua. Araudi aholkularitzako juridikoko Raoul Servet-ek emana, legeen ikuspuntutik azpiegituren planifikazio, egitasmo eta eraikuntzetan ematen diren urraketen azalpena eta egon daitezkeen duden argitzea.
Bigarrena, “Prozedura administratibo eta juridikoen ezagutza”. Sustrai Erakuntzako kideen eskutik administratiboki egitasmoek jarraitu beharreko betebeharren ezagutza eta herritarron edo udal/kontzejuen duten interbentzio aukeren azalpena: Informazio eskubidea, helegiteak, desjabetzeak...
14:00etan itxiera saioa
14:30etan bazkaria
17:00etan Bizi martxa Gasteizera Vasco-Navarro bide berdetik
Oharrak:
Haur txokoa egongo da.
Hitzaldietan itzulpen zerbitzua eskainiko da.
Taldeek beraien materiala ezarria ahal dezaten espazio bat egokituko da.