top of page

"Makroproiekturik Ez!" mobilizazioaren harira

  • EH Bizirik
  • Oct 30, 2024
  • 2 min read

Updated: Apr 25

EUSKAL HERRIA BIZIRIKetik larunbateko manifestazioa antolatzen aritu zareten guztiok zoriondu nahi zaituztegu. Eguraldi euritsua izanagatik ere giro ezin hobea eta jendetza biltzea lortu baitzenuten Gasteizko makroproeiktuen aurkako manifestazioan. Zorionak!


Ez da berria gurean ingurune naturalaren suntsiketa bide harturik, irabazi ekonomikoa helburu dituzten azpiegitura erraldoien eraikuntza, ezta horiek aurrera eramateko egin ohi den lanketa ideologiko guztia ere. Azken hamarkadetako eraikuntza erritmo izugarriari jarraiki, proiektu mordoxka bat inposatu nahi dizkigute epe motzean, “ohikoagoak” edo ohituagoak gauden errepideak, AHTa, turistifikazioa indartzeko azpiegiturak … etab. Horiez gain mineralak ustiatzeko meategiak, okela eta esne fabrikak, negutegi erraldoiak edota azken boladan Europatik indartsu etorri den makroproeiktu “berriztagarrien” zabalpena emateko saiakerak gehitu behar dizkiegu.


Sarritan salatu izan dugun moduan, “berriztagarrien” zabalpen hau nahi duten moduan aurrera eramateak lurraldearen berezko suntsiketa izugarria dakar, eta jendarteak suntsiketa hori onartzeko lanketa ideologikoa martxan da. Horren adibide ezin hobeak dira gaur egun politikarien ahotan makroproiektu “berriztagarriak” justifikatzeko erabiltzen dituzten hitz ponpoxoak: berdea, jasangarria, garbia… etab. Gizartearentzat aurrerapauso izango direla iradokitzen duten beste esamolde sorta bat eskaintzen digute digitalizazioa, elektrifikazioa … etab. Sinestarazi nahi digute makroproiektuen zabalpen masibo horrek jada gainean dugun hondamendi naturaletik aterako gaituela.


Beste behin argi izan behar dugu azpiegitura horiek eraikitzearekin bilatzen dela orain artekoaren berdin-berdina: enpresen irabaziak ahalik eta gehien handitzea. Horretarako instituzio publikoen babes osoa dute beste behin (udaletxe gutxi batzuena izan ezik); ikusi besterik ez dago Europatik iritsi berri diren diru partiden logika zein den, Estatuen zorraren bitartez enpresari handien irabaziak ahalik eta oparoenak izatea.


Egoeraren larritasuna ikusirik, poza ematen dute larunbatekoa bezalako manifestazio jendetsuek, indarrak batu eta kaleak hartzen ditugun momentu horietan politikari eta enpresariei nahi dutena egiten ez diegula utziko argi esaten baitiegu. Are pozgarriagoa da lurraldearen defentsarako mobilizazio hau ez dela kasu isolatu bat ikusteak, indartzen ari den mobilizatzeko arrazoi garrantzitsu bat baizik. Horren adibideak dira aurten Euskal Herri osoan zehar egin diren mobilizazioak. Marieniako lurren okupazioa (Lapurdin), Erdiz Bizirik edota AHTren aurka (Nafarroa Garaian), Makroberriztagarrien aurkakoa Azpeitian (Gipuzkoan), Subflubiala eta variante carrerase aurkakoak Bilbon (Bizkaian) …etab. Mobilizazioei borrokaren beste aurpegiak gehitu behar zaizkie, arlo juridikoan ematen ari direnak, borroka ideologikoa eman ahal izateko argudioak plazaratzeko espazioak, errepresioari aurre egiteko dinamikak… etab.


Lurraren defentsaren gaineko dinamika indarra hartzen ari da, enpresen interesei eta horiek babesten dituzten politikariei aurre egin ahal izateko gaitasunak handitzen ari gara.


Segi dezagun horrela! Bide onetik goaz eta!


Berriro ere zorionak larunbateko manifestazioaren antolakuntzan eta manifestazioan bertan parte hartu zenuten guztioi!


Borrokan ikusiko dugu elkar!


2024/10/30
bottom of page